Poloniako gobernua erbestean

Poloniako gobernua erbestean
Mazurek Dąbrowskiego
Datuak
Motaerbesteko gobernua
HerrialdeaPolonia
Agintea
Egoitza nagusi (1939–1940)
  • Paris
Egoitza nagusi (1940–1940)
  • Angers
Egoitza nagusi (1940–1990)
  • Londres
Historia
Sorrera1939
AurrekoakPoloniako Bigarren Errepublika
Desagerpena1990

Poloniako gobernua erbestean, ofizialki Poloniako Errepublikako gobernua erbestean (polonieraz: Rząd Rzeczypospolitej Polskiej na uchodźstwie), Poloniaren gobernua izan zen, Alemania naziak okupatu eta Bigarren Errepublika inbaditu eta sobietarren inbasioaren eraginez desagertu ondoren. Poloniako gobernuak erbestetik zuzentzen zituen Armia Krajowa izenaz gerra garaian Polonian nahiz atzerrian lan egiten zuten indar armatuak. Nahiz eta luzaroan ez zen aintzat hartua izan eta Bigarren Mundu Gerraren ostean botere eraginkorrik ez izan arren, iraun egin zuen Poloniako Herri Errepublika amaitu arte, 1990ean, formalki bere ardurak gobernu berriaren esku utzi zituenean.

Historia

Ezarpena

1939ko irailaren 17an, Poloniako Errepublikako presidente Ignacy Mościckik, Kosiv izeneko Ukrainako herri txiki batean zegoelarik, Poloniaren hegoaldeko mugatik gertu, dekretu bat sinatu zuen, non Władysław Raczkiewicz, Senatuko bozeramailea, bere ondorengo gisa izendatzen zuen. Poloniako Errepublikako Konstituzioaren 24. artikuluaren arabera egin zuen, 1935eko apirilean onartua, eta honela zioen:[1]

« 1. Gerra sortuz gero, bakea lortu eta hiru hilabete igaro arte luzatuko da presidentearen agintaldia; halako egoeratan, Errepublikako presidenteak bere ondorengoa izendatuko du, Aldizkari Ofizialean emandako dekretu berezi baten bidez, baldin eta bakea lortu aurretik kargua hutsik geratzen bada.
2. Presidente ondorengoak kargua hartzen badu, bere gobernuaren agintaldia luzatuko da bakea lortu eta hiru hilabetera arte.
»

Raczkiewicz Parisen zegoelarik, Poloniako enbaxadan berehala eman zuen karguaren zina, eta, horrela, Poloniako Errepublikako presidente izendatua izan zen.[2] Władysław Sikorski jenerala izendatu zuen orduan lehen ministro eta Poloniako Indar Armatuetako komandante buru.[3]

Poloniako itsas armadaren gehiengoa Britainia Handira ihes egina zen naziek herrialdea 1939ko irailaren 1ean inbaditu baino lehen, eta dozenaka mila poloniar soldadu eta hegazkinlarik ihes egin zuten Hungarian eta Errumanian edo Itsaso Baltikoan barrena, borrokatzen jarraitzeko Frantzian eta Frantziaren agintepeko Sirian. Poloniar askok parte hartu zuten Norvegiako Kanpainan (Narvik), Frantziako Guduan, Ingalaterrako Guduan, Atlantikoko Guduan, Afrikako Iparraldean (batez ere Tobruken), Italian (Montecassinoko Guduan eta Anconan), Market Garden Operazioan, Wilhelmshavenen eta beste zenbait lekutan, indar aliatuekin batera. Polonia erori ondoren ere, eta Sobietar Batasuna gerran sartu baino lehen, Polonia izan zen hirugarren aliatu indartsuena borrokan, Frantziaren eta Erresuma Batuaren atzetik. Beste poloniar unitate militar batzuk ―Sobietar Batasunean sortutakoak― sobietarrekin batera eta haien gidaritzapean borrokatu ziren, 1941eko ekainean Adolf Hitlerrek Sobietar Batasuna inbaditu ondoren.[4]

Gerra garaian

Poloniako gobernua erbestean, lehenik Parisen eta ondoren Londresen egoitza hartuta, aliatuen gobernu guztiek onartu zuten. Politikoki, Poloniako Nekazarien Alderdiaren, Poloniako Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Demokrata Nazionalaren koalizio bat zen, nahiz eta alderdi horiek izatasun aztarna ahul bat baino ez zeukaten erbesteko egoeran.[5]

Alemaniak 1941ean Sobietar Batasunari eraso egin zionean, Poloniako gobernuak erbestean harreman diplomatikoak ezarri zituen Sobietar Batasunarekin, Stalinek aurrez Poloniaren zatiketan Ribbentrop-Molotov Itunaren bitartez izan zuen papera gorabehera.[6] Sobietarrek 1939an Polonia ekialdean preso hartutako ehunka mila poloniar soldadu eta preso zibil edo deportatu asko askatu eta unitate militarrak osatzeko baimena eman zieten (Andersen armada), edo Iranera eta Ekialde Hurbilera ebakuatu zituzten, non britainiarrek etsi-etsian behar zituzten, Erwin Rommelen Afrika Korps indar militarrak mendeak har ez zitzan. Poloniako unitate hauek Poloniako Bigarren Gorputzaren oinarria osatu zuten, Władysław Anders jeneralaren agindupean, aurretik sortutako beste poloniar unitateekin batera, aliatuen ondoan borrokatu baitzen.[7]

1943ko apirilean, alemaniarrek iragarri zuten Katyngo basoan, Smolensketik gertu, Errusian, 8.000 poloniar ofizialen hobi komunak aurkitu zituztela, 1939an sobietarrek gerra preso hartu eta hildakoak. Gobernu sobietarrak esan zuen alemaniarrek asmatu eta antolatua zela aurkikuntza hura, sarraskiaren ardura haiei egotzita. Gainerako gobernu aliatuek, arrazoi diplomatikoengatik, formalki onartu zuten sobietarren azalpena, baina Poloniako gobernuak erbestean ez zuen onartu nahi izan. Jarrera horren eraginez, Stalinek gogortu egin zituen Poloniako erbesteko gobernuarekiko harremanak. Sikorski, poloniar buruzagi erbesteratuen artean osperik handiena zuena, 1943ko uztailean hil zen hegazkin istripu batean, Gibraltarren.[8] Poloniako gobernuko buru gisa Stanisław Mikołajczyk hartu zuen haren lekua.

1943an eta 1944an, buruzagi aliatuak, bereziki Winston Churchill, ahalegindu ziren Stalinen eta Poloniako erbesteko gobernuaren arteko elkarrizketak berrabiarazten, baina saioek huts egin zuten zenbait arrazoirengatik. Lehenik, argi egon zenetik Sobietar Batasunak askatuko zutela Polonia alemaniarrengandik, eta ez mendebaldeko aliatuek, Stalinek azpimarratu zuen sobietarrek 1939an anexionatutako lurraldeak, ukrainar eta bielorrusiar gehiengoa zutenez, haien esku gelditu behar zirela, eta horren truke Poloniak beste lurralde batzuk jasoko zituela, Alemaniatik anexionatuta. Bigarrenik, Mikołajczykek, ordea, baztertu egin zuen Poloniaren subiranotasuna auzitan jartzea, gerra aurretik, ekialdeko lurraldeen gain. Hirugarrenrik, Mikołajczykek behin eta berriz adierazi zuen Stalinek ez zuela gobernu komunistarik ezarri behar gerra osteko Polonian.

Nazien okupazioan 200.000 judu inguru hil zituzten zuzenean edo zeharka Bigarren Mundu Gerraren garaian; biktima judu asko Gobernu Orokorrak sortutako Granatowa Policja edo Polizia Urdinaren ekintzen ondorioz hil ziren Alemania naziak okupatutako Polonian. Polizia Urdina zenbait sarraskiren erantzule izan zen, tartean 1941eko uztailaren 10ean gertatutakoa, Jedwabneko biztanle juduak ukuilu batean sartu eta bizirik erre zituztenean.[9] Mikołajczyk eta erbesteko gobernuko beste buruzagi batzuk Jedwabneko sarraskiaren egile politikotzat jo zituzten.[10]

Auzitan jarri izan da Armia Krajowa erbesteko gobernuaren beso armatuko kide edo taldeen konplizitatea Polonian gertatutako indarkeria antisemitarekin, eta bertako kide batzuen rola nazismoarekin elkarlanean juduak salatzeko, ofizialki Alemania naziaren aurka borrokatu arren.[11]

Polizia Urdinaren zati handi bat Poloniako erresistentziako Armia Krajowaren parte zen,[12] batez ere bere kontraespioitza eta Segurtasun Nazionaleko Kidegoa.[13] Kalkulu batzuen arabera, % 50era iritsi zitekeen.[14] Aginduen aurka jokatu zuten polizia batzuk Nazioen arteko zintzotzat aitortuak izan ziren.[15][16]

Gerra hotza

Poloniako erbesteko gobernuaren presidentearen ikurra, 1956-1990 bitarte erabilia.

1944ko azaroan, sobietarrekiko mesfidantza handia izan arren, Mikołajczykek etsi egin zuen. Poloniara itzulita, lehen ministro kargua utzi behar izan zuen, sobietar okupazio agintarien babespean ezarritako gobernu berriaren lehen ministro Edward Osóbka-Morawski izendatu baitzuten. Mikołajczykek lehen ministro-diputatu kargu bietako bat hartu behar izan zuen; bestea Władysław Gomułka komunistaren esku gelditu zen.[17] Lublingo gobernuak (ofizialki Nazio Askapenerako Poloniar Batzordea; polonieraz: Polski Komitet Wyzwolenia Narodowego, PKWN) nekazaritza erreforma erradikalak agindu zituen, Poloniako lurraldea mendebalderantz hedatzea Alemaniaren kontura eta 1921eko Poloniako Konstituzioa[1] aintzat hartzea. Poloniako erbesteko gobernua usurpatzailetzat jotzen zuen, eta 1935eko apirileko Poloniako Konstituzioa faxistatzat. 1945ean Poloniako Armada berrezartzeko asmoa plazaratu zuen, sobietarren gidaritzapean. Urte horietan zehar, Armia Krajowako kide edo taldeen indarkeria antisemitarekiko konplizitatea ikertu zuten, eta bertako kide batzuek nazismoarekin elkarlanean izandako jokabidea, kontzentrazio esparruetan amaitu zuten hamar mila bat poloniar judu salatu baitzituzten.[11]

Lech Wałęsa, Poloniako presidentea (1990-1995).

1945eko uztailaren 6an, erbesteko gobernua aitortzen zuten bost herrialdeetatik bik, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak errekonozimendua kendu zuten, eta, berehala, erbesteko Poloniako Indar Armatuak desegin zituzten. Londresko poloniarrek enbaxada hustu behar izan zuten, eta presidentearen egoitza pribatua soilik utzi zieten.[18]

1990eko abenduan, Lech Wałęsa izan zen komunismoaren ondorenko Poloniako lehen presidente, Poloniako Errepublikaren ikurrak jaso zituen (presidentearen bandera gorria, presidentearen eta Estatuaren zigiluak, presidentearen gerrikoa eta 1935eko konstituzioaren jatorrizko testua), Ryszard Kaczorowski Erbesteko gobernuaren azken presidentearen eskutik.[19] 1992an ofizialki onartu ziren Erbesteko gobernuak emandako domina militarrak eta bestelako ohorezko dominak.[20]

Erreferentziak

  1. a b (Polonieraz) «Constitution of Second Republic of Poland (1921-04-23)» Uniwersytet Jagielloński - Sources of Law from the Past (web.archive.org) 1921-04-23 (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  2. (Ingelesez) Major Tufton Beamish. (1947-06-14). «Wladyslaw Raczkiewicz: President Of Poland» The Tablet - The international Catholic news weekly (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  3. (Ingelesez) Schwonek, Matthew R. (2006). «Kazimierz Sosnkowski as Commander in Chief: The Government-in-Exile and Polish Strategy, 1943-1944» The Journal of Military History 70 (3): 743-780.  doi:10.1353/jmh.2006.0194. ISSN 1543-7795. (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  4. (Polonieraz) Grzelak, Czesław; Stańczyk, Henryk; Zwoliński, Stefan. (2009). Armia Berlinga i Żymierskiego: Wojsko Polskie na froncie wschodnim 1943-1945. Warszawa: Wydawnictwo Neriton ISBN 978-8388973277. OCLC .751423640.
  5. (Ingelesez) «Polish government-in-exile» Zintegrowana Platforma Edukacyjna (web.archive.org) 2024-07-19 (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  6. (Ingelesez) «The Polish Government in Exile» Poland at War Tours (web.archive.org) 2024-05-01 (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  7. (Frantsesez) Anders, Władysław. (1948). Mémoires, 1939-1946. Paris: Jeune Parque OCLC .7247398.
  8. (Ingelesez) Easton, Adam. (2008-11-10). «Probe into Poland WWII PM death» BBC News (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  9. (Ingelesez) Chodakiewicz, Marek Jan. (2004). Between Nazis and Soviets: occupation politics in Poland, 1939-1947. Lanham: Lexington Books ISBN 978-0739104842. OCLC .52595248.
  10. (Ingelesez) Michlic, Joanna B.; Polonsky, Antony. (2009). «The Neighbors Respond: The Controversy over the Jedwabne Massacre in Poland» The Neighbors Respond (Princeton: Princeton University Press)  doi:10.1515/9781400825813. ISBN 978-1400825813. OCLC .1241775271 (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  11. a b (Ingelesez) Piotrowski, Tadeusz. (2006). Poland's holocaust: ethnic strife, collaboration with occupying forces and genocide in the Second Republic, 1918-1947. Jefferson: McFarland, 88. or. ISBN 978-0786429134. OCLC .225622928.
  12. (Ingelesez) Paczkowski, Andrzej. (2010-11-01). Spring Will Be Ours: Poland and the Poles from Occupation to Freedom. Penn State Press, 60. or. ISBN 978-0271047539. OCLC .53068209 (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  13. (Polonieraz) «Policja Polska Generalnego Gubernatorstwa» Encyklopedia PWN - źródło wiarygodnej i rzetelnej wiedzy (web.archive.org) 2016-01-15 (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  14. (Ingelesez) Connelly, John. (2005-12). «Why the Poles Collaborated So Little—And Why That Is No Reason for Nationalist Hubris» Slavic Review 64 (4): 771–781.  doi:10.2307/3649912. ISSN 0037-6779. (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  15. (Ingelesez) «Righteous Among the Nations Honored by Yad Vashem by 1 January 2022» Yad Vashem (web.archive.org).
  16. (Polonieraz) «Wręczenie Medali i Dyplomów "Sprawiedliwy Wśród Narodów Świata"» Miasto Warszawa (web.archive.org) 2005-05-20 (Noiz kontsultatua: 2024-07-19).
  17. (Polonieraz) Paczkowski, Andrzej. (1991). Stanisław Mikołajczyk, czyli, Klęska realisty: zarys biografii politycznej. Warszawa: Agencja Omnipress ISBN 978-8385028826. OCLC .25422957.
  18. (Ingelesez) Stachura, Peter D.. (2004). The Poles in Britain, 1940-2000: from betrayal to assimilation. London: Frank Cass ISBN 978-0203506646. OCLC .252735078.
  19. (Gaztelaniaz) «Lech Walesa» CIDOB - Centre internacional de recerca en relacions internacionals (web.archive.org) 2024-07-16 (Noiz kontsultatua: 2024-07-20).
  20. (Ingelesez) McGilvray, Evan. (2010). A military government in exile: the Polish government-in-exile 1939-1945: a study of discontent. West Midlands: Helion & Co. Ltd ISBN 978-1907677946. OCLC .795575196.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • (Ingelesez) John Wrobel (2001-08-06) Publications on the Polish Government (In Exile) 1939 - 1990
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q210846
  • Commonscat Multimedia: Polish Government in exile / Q210846

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 138333492
  • ISNI: 0000000122912498
  • BNF: 12061520x (data)
  • GND: 4126334-0
  • LCCN: n82129681
  • NKC: ko20241220857
  • SUDOC: 034936661
  • Wd Datuak: Q210846
  • Commonscat Multimedia: Polish Government in exile / Q210846