Periferiko (ordenagailua)

Konputagailuaren periferikoak

Periferikoak (edo gailu periferikoak) ordenagailuaren nukleoaren parte ez diren hardware-osagaiak dira, sistema informatikoari erraz konektatzen zaizkionak. Konputagailua kanpoarekin komunikatzeko eta datuak gordetzeko erabiltzen dira, haren funtzionamendurako osagarriak izanik.

Ordenagailuaren nukleoa prozesatzeko unitate zentralak (PUZ), memoria nagusiak, sarrera/irteerako sistema eta haien arteko komunikaziorako busek osatzen dute. Horiez gain, ohikoa izaten da konputagailuari sarrera periferikoren bat (teklatua, sagua), irteerakoren bat (pantaila, inprimagailua) eta biltegiratzeko periferikoren bat (USBa) konektatzea. Periferikoen funtzionamendua sistema informatikoak kontrolatzen du, nahiz eta ez izan haren osagai zentral.

Periferikoen sailkapena

Periferiko terminoak «gehigarria baina ez-funtsezkoa» adierazten badu ere, horietako asko funtsezko elementu bihurtu dira gaur egungo sistema informatikoetan. Pantaila, adibidez, ezinbestekotzat jo badaiteke ere, teknikoki ez da beharrezkoa. Izan ere, hasierako ordenagailuek ez zuten pantailarik. Denboran gertuago geratzen zaigun beste adibide bat saguarena da. 1990eko hamarkadaren hasierako konputagailuetan ez zen sagurik erabiltzen. Garai hartako sistema eragileek komando-lerroko interfaze bat zuten, eta sagua ez zen beharrezkoa. Gerora, sistema eragileak aldatu egin ziren, sagua agertu zen gailu periferiko moduan, eta gaur egun ia ezinbestekoa bilakatu da konputagailuetan.

Teklatuaren kasua ere enblematikoa da; izan ere, tableta konputagailu berrietan, joko-sistemetan edo ukipen-pantaila duten telefono mugikorretan, teklatua pantailan emulatzen da. Egokitzapen berezien kasuetan ere, teklatua da gehien erabiltzen den sarrerako periferikoa. Kasu batzuetan desagertu egiten da, ahotsa ezagutzeko programen erabileragatik, adibidez.

Gailu periferikoak hainbat kategoriatan sailka daitezke, betetzen duten funtzioaren arabera:

  • Sarrera-periferikoak: erabiltzaileak edo beste gailu batek sartutako datuak jaso, digitalizatu eta ordenagailura bidaltzen dituzte, prozesatzeko.
  • Irteera-periferikoak: ordenagailuaren kanpoaldera informazioa erakusten edo proiektatzen duten gailuak dira. Gehienak informatzeko, ohartarazteko, komunikatzeko, proiektatzeko edo erabiltzaileari nolabaiteko informazioa emateko dira. Bulkada elektrikoak erabiltzailearentzat informazio irakurgarri bihurtzeaz arduratzen dira.
  • Sarrera eta irteera periferikoak: ordenagailua kanpoko ingurunearekin komunikatzeko balio dute.
  • Biltegiratze-periferikoak: datuak eta informazioa gordetzen dituzten gailuak dira. Ausazko sarbide-memoria ezin da biltegiratze-periferikotzat hartu, haren memoria hegazkorra eta aldi baterakoa baita. Adibidez: Disko gogorra, Flash memoria, Zinta magnetikoa, Memoria eramangarria, Disketea, Grabagailua edo irakurgailua: CD; DVD; Blu-ray; HD-DVD.
  • Komunikazio periferikoak: bi gailuren edo gehiagoren arteko interakzioa ahalbidetzen dute.

Sarrera-periferikoak

Ordenagailuan datuak sartzeko erabiltzen diren gailuak dira.

Teklatua

Teklatua eta sagua
Sakontzeko, irakurri: «Teklatu (ordenagailua)»

Funtzio desberdina betetzen duten teklez osatua dago, modu desberdinean banatuak agertzen direnak, hizkuntza edo behar desberdinetara egokituak. Teklatu mota asko dauden arren, teklen arabera sailkatzen dira: QWERTY, AZERTY, etab. Forma berria dutenak sortzen ari dira: ergonomikoak, malguak, etab. Nahiz eta ahotsa testu bihurtzeko edo keinuak ezagutzeko metodoak asko hobetzen ari diren, gaur egun oraindik funtsezko sarrera-periferikoa da.

Sagua

Sagua
Sakontzeko, irakurri: «Sagu (ordenagailua)»

Konputagailuen ingurune grafikoarekin errazago lan egiteko erabiltzen den periferikoa da. Bere funtzio nagusia kurtsorea pantailako posizioren batean kokatzea da. Horretarako, ordenagailuak saguaren mugimendua detektatu eta kurtsorea monitorean erakusten du; periferiko erakuslea dela esaten da. Beste hainbat funtzio bete ahal izateko botoiez hornituta dago. Saguaren mugimendua jasotzeko teknologia desberdinak daude: bolatxoa, argia, etab. Mugimendua ondo detektatzeko, sagu-azpikoa erabiltzea gomendatzen da. Ordenagailura konektatzeko aukera desberdinak daude: USB bidez kablea erabiliz, Bluetooth bidez haririk gabe, etab. Beste periferiko erakusle batzuk ere badira: Joystik-a, arkatz optikoa, etab.

Eskanerra

Eskanerra
Sakontzeko, irakurri: «Eskaner»

Irudien eskaner-a (edo eskanerra) argia erabiliz dokumentuak irakurri eta irudi digital modura gordetzen dituen periferikoa da. Zuzenean konputagailura konekta badaitezke ere, askotan haien erabilera hainbat erabiltzaileren artean konpartitzen da eta sare informatiko lokal baten bidez konektatzen da (lantegi eta eskoletan, adibidez). Badira bestelako eskanerrak, eskaneatu nahi den elementuaren gainetik eskuarekin mugituz erabiltzeko moduko tresna txikiak. Barra-kodeak eta QR kodeak eskaneatzeko periferikoak, adibidez, eskanerra kodearen gainetik pasatzean kodeari dagokion zenbakia irakurtzea lortzen da, teklatuan kodearen zenbakia idatzi izan balitz bezala.

Web kamera

Web kamera
Sakontzeko, irakurri: «Web kamera»

Ordenagailura konektatzen den kamera digitala da, normalean txikia da eta pantailari erantsita jartzen da. Kamerek jasotako irudiak konputagailura iristen dira, bertan gorde edo editatzeko. Irudiak zuzenean Internet bidez transmititzeko aukera ere ematen du. Asko erabiltzen dira bideodeietan, hainbat lagunen arteko elkarrizketetan zuzeneko audioaz gain bideoa ere konpartitzeko. USB bidez konektatu ohi dira.

Mikrofonoa

Mikrofonoa eta web kamera
Sakontzeko, irakurri: «Mikrofono»

Mikrofonoa soinua jaso eta konputagailuan audio moduan gordetzeko aukera ematen duen periferikoa da. Erabilera aurreratuagoetan, audioaren tratamendua eginez gero (ahotsaren ezagupena), ordenagailuak ahotsaren bidez emandako aginduak exekutatuko ditu.

Biltegiratze periferikoak

Sakontzeko, irakurri: «Biltegiratze periferiko»

Informazioa biltegiratzeko erabiltzen diren periferikoak dira. RAM motako memoriak ez dira mota honetako periferiko moduan sailkatzen, biltegiratzea epe laburrekoa delako.

CD grabagailua

CD grabagailua

Disko trinkoetan (CD) grabatzeko balio duen periferikoa da. Laser argi-izpien bidez funtzionatzen du, bulkada elektrikoak laser argi-sorta bihurtzen ditu, CDan datu bitar moduan gordetzekoa. CD grabagailuek CD-a baino ezin dute grabatu. DVD grabagailuek, aldiz, bai CDan eta bai DVDan grabatu dezakete.

CD irakurgailua

CD irakurgailua

CDak irakurtzeko balio duen gailu elektronikoa da. CDan gordetako informazio bitarra interpretatzen du laser argi-izpien bidez.

Oso sineste arrunta da putzu bat balio bitar bati dagokiola pentsatzea, eta lau bat beste balioari, baina ez da horrela, balio bitarrak putzutik lauterako trantsizioek detektatzen baitituzte, eta alderantziz: trantsizio batek 1 bitar zenbakia zehazten du, eta putzu edo lau baten luzerak 0 bitar zenbakien ondoz ondoko kopurua adierazten du.

DVD grabagailua

DVD grabagailua

DVD grabagailua disko optikoetan (DVD) audioa, bideoa eta datuak grabatzeko erabiltzen den gailua da. DVDak irakurtzeko DVD irakurgailuak erabiltzen dira.

DVD irakurgailua

DVD irakurgailua

DVD irakurgailua CD, DVD eta Blu-Ray diskoak erreproduzitzeko erabiltzen den gailu elektronikoa da. DVD irakurgailu gehienek irteera-periferiko batera (telebista, adibidez) konektatuta egon behar dute.

Disko gogorra

Disko gogorra
Sakontzeko, irakurri: «Disko gogor»

Disko gogorra datuak biltegiratzeko gailu elektromekaniko bat da. Disko gogorrak memoria ez-hegakorrak dira, hau da, ordenagailua itzaltzean diskoan biltegiratutako datuak ez dira galtzen, gordeta geratzen dira. Konputagailu barnean edo kanpoan erabiltzeko disko gogorrak daude. Haien ezaugarri nagusiak biltegiratzeko gaitasuna (GB edo TB kopurua) eta errendimendua (irakurketa egiteko behar den denbora) dira.

USB memoria

8 GB-eko USB memoria
Sakontzeko, irakurri: «USB memoria»

Tamaina txikiko disko gogorra da. Arrakasta handia izan du biltegiratze-gailu gisa, garai bateko disketeak eta CDak ordezkatzeraino. Hasierako USB memoriek biltegiratze-ahalmen txikia zuten arren, gaur egun 1 TB (1024 GB)-eko ahalmena dutenak aurki daitezke merkatuan.

Irteera periferikoak

Ordenagailutik informazioa kanporatzeko erabiltzen diren gailuak dira. Informazioa erabiltzaileak ulertzeko moduko formatuan itzultzen dute. Horren arabera, irteera-periferiko bat edo bestea erabiliko da. Testua eta irudiak, adibidez, monitorean, inprimagailuaren bidez inprimatuta edo ploterra erabiliz bistara daitezke. Audioa entzungailutik edo bozgorailutik transmiti daiteke, entzuteko moduan. Bideoa pantailan erakuts daiteke. Periferiko berriekin aukera berriak sortzen ari dira. Ahots-sintetizatzaileak, adibidez, testua audio bihurtu dezake, testuko hitzekin diskurtsoa sortuz, ia gizaki batek irakurria izan balitz bezala.

Ordenagailuak irteera-periferikorik gabe funtziona dezake, baina erabiltzaileri informaziorik eman gabe, hark ez luke jakingo ordenagailua zertan ari den. Ez litzateke errore-mezurik bistaratuko, adibidez; ez litzateke oso erabilgarria izango.

Hona hemen irteera-gailuen adibide batzuk: monitorea edo pantaila, inprimagailua, bozgorailua, eta abar.

Ordenagailu baten pantaila

Pantaila

Sakontzeko, irakurri: «Pantaila (ordenagailua)»

Erabiltzen duten teknologiaren arabera, hainbat pantaila mota bereizi daitezke:

Inprimagailua

Inprimagailua
Sakontzeko, irakurri: «Inprimagailu»

Formatu elektronikoan gordetako testuen edo grafikoen kopia fisikoak (paperean, normalean) sortzen dituen irteera-periferikoa da. Tintazko inprimagailuek tinta-kartutxoak erabiltzen dituzte, laser-inprimagailuek, aldiz, laser teknologia. Inprimagailuak kableen bidez zuzenean ordenagailuetara konekta daitezkeen arren, oso ohikoa izaten da sare bidezko konexioa izatea, sare horretako erabiltzaile guztiek inprimagailu bera erabili ahal izan dezaten. Gaur egun, funtzio anitzeko inprimagailuak daude, inprimatzeko eta eskaneatzeko aukera ematen dutenak (sarrera/irteera periferikoak).

Bozgorailua

USB bidezko bozgorailua
Sakontzeko, irakurri: «Bozgorailu»

Irteerako periferiko honek seinale elektrikoak soinu bihurtzen ditu. Ordenagailuak igorritako soinuak entzuteko erabiltzen dira. Ordenagailuen txartel nagusiek bozgorailu bat izan ohi dute, akatsak soinuen bidez adierazteko.

Beste batzuk

Komunikazio periferikoak

Bi gailu edo gehiagoen arteko komunikazioa ahalbideratzen dute.

Fax

Panasonic markako Fax-a
Sakontzeko, irakurri: «Fax»

Dokumentuak telefonia-sarearen bidez bidaltzeko balio duen gailua da fax-a. Telekomunikazio-sistema bat da, zeinu grafikoak seinale elektriko bihurtzen dituena, telefonia-sarearen bidez konektatutako beste fax-gailu batera bidali, han berriz zeinu grafiko bihurtu eta jatorrizko dokumentuaren antzeko kopia egiten duena.

Bideratzaile

Router bat
Sakontzeko, irakurri: «Bideratzaile»

Bideratzaile edo routerra sare desberdinen arteko datuen trafikoa ahalbidetzen duen gailua da. Konputagailu batetik beste batera datagrama (datuen bloke) bat bidaltzen denean, bideratzaileak konektatuta dauden sareen artean ibilbiderik onena aukeratzen du. Bidean zehar hainbat bideratzaileetatik pasa daitezke datuen blokeak.

Switch

1 GigaByte-ko switch gailua
Sakontzeko, irakurri: «Switch»

Switch edo kommutadorea sareen arteko konexioa egiteko erabiltzen den gailua da. Switch-ak oso erabilgarriak dira ordenagailu askoz osatutako sareetan.

Modem

V34 Modem bat
Sakontzeko, irakurri: «Modem»

Modem-a fisikoki urruti dauden eta teknologia digitala erabiltzen duten bi konputagailu elkarrekin komunikatzeko erabiltzen den gailua da. Seinale analogikoaren eta digitalaren arteko aldaketa egiten du. Etxeetan telefono linearen bidez datuak bidali eta jasotzeko erabiltzen den periferikoa da, Interneterako konexioa izateko aukera ematen duena.

Sare-txartela

100 Megabit-eko sare-txartel bat
Sakontzeko, irakurri: «Sare-txartel»

Ordenagailu edo inprimagailu bati konputagailu-sare baterako konexioa eta sareko baliabideak partekatzeko aukera ematen dizkion gailu elektronikoa da. Sare-txartel bakoitzak MAC izeneko zenbakizko identifikatzaile bat dauka.

USB hub

USB hub
Sakontzeko, irakurri: «USB hub»

USB portu gehiago izateko aukera ematen duen gailu bat da. Ordenagailuaren USB portuan konektatzen da eta informazioa bus kable beretik transmititzen da.

Sarrera eta irteera periferikoak

Sakontzeko, irakurri: «Sarrera-irteerako unitate»

Periferiko hauek ordenagailuaren informazio-trukeaz arduratzen dira, informazioa jasotzeaz eta erakusteaz.

Ukimen-pantaila

Ukimen-pantaila
Sakontzeko, irakurri: «Ukimen-pantaila»

Ukimenari sentikorra den pantaila bat da. Pantailan erakutsitako teklatu birtual bat ukituz, adibidez, erabiltzaileak datuak sar ditzake, adibidez. Horrela, aldi berean informazioa erakusteko eta datuak sartzeko erabil daiteke.

Inprimagailua

Inprimagailu funtzioaniztuna
Sakontzeko, irakurri: «Inprimagailu»

Gaur egungo inprimagailuak funtzioaniztunak dira, hau da, datuak inprimatzen dituzte (irteera-periferiko) eta eskaner funtzioa dute (sarrera-periferiko).

Errealitate birtualeko betaurrekoak

Errealitate birtualeko betaurrekoak
Sakontzeko, irakurri: «Errealitate birtual»

Hiru dimentsioko errealitate birtuala ikusteko (irteera periferiko) eta bertan eragiteko (sarrera-periferiko) aukera ematen duen gailua da. Erakutsitako errealitate birtualean eragin ahal izateko, periferikoak erabiltzailearen gorputzaren mugimendua detektatzen du.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q178648
  • Commonscat Multimedia: Computer peripherals / Q178648

  • Identifikadoreak
  • BNF: 11966671q (data)
  • GND: 4045179-3
  • LCCN: sh94001703
  • NKC: ph157260
  • AAT: 300024527
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Medikuntzako identifikadoreak
  • MeSH: D016287
  • Wd Datuak: Q178648
  • Commonscat Multimedia: Computer peripherals / Q178648