Iztai hodi

Iztai hodi
Iztai hodiaren odoleztapena Irudi gehiago
Xehetasunak
Identifikadoreak
LatinezCanalis inguinalis
MeSHA01.923.047.412
TAA04.5.01.026
FMA19928
Terminologia anatomikoa

Iztai hodia barrunbe abdominalaren aurre-behealdeko bi alboetan kokatzen den 4-5 cm-ko pasabide laprana da, goi-atzealdetik behe aurrealdera doana eta behetik iztai-lotailuak mugatzen duena.

Jatorri enbrionarioa

Iztai hodia gonaden jaitsieraren ondorioz eratzen da. Izan ere, jaitsierarekin batera abdomenean ahurtasun bat sortzen da.

Gonadek ezin dute euren kabuz jaitsi; ondorioz, 6. hilabetetik aurrera jaisten joango dira, gubernakulum testis-ak (mesonefrosaren arrastoa eta larrura itsatsita dagoena) gidatuta. Gonadek, jaistean, abdomenaren egitura batzuk eramaten dituzte eurekin, ez baitaude guztiz garatuta:

  • Peritoneo zatia: Hemendik prozesu baginala sortuko da.
  • Zeharkako faszia.
  • Alboko muskulu lapranak: Kanpoko muskulu lapranaren maila horretan ez dago muskulurik, aponeurosia baizik.

Elementu horiek guztiek iztai hodia okupatzen duen egitura bat osatuko dute: kordoi espermatikoa.

Garapena

Garapena desberdina da gizonezkoetan eta emakumezkoetan, gizonezkoetan garrantzia handiagoa duen egitura delarik.

Gizonezkoak

Gizonezkoetan iztai hodiaren barruan, kordoi espermatikoak aurkitzen dira. Hauetan Wolff hodiaren edukia (hodi deferentea), arteria eta zain testikularra (abdomeneko sakontasunetik datoz, aortatik alegia), zain sare panpiniformea (panpinius = mahatsondoaren hostoak), hodi linfatikoak eta nerbioak bereizten dira.

Kordoi espermatikoak hiru geruza izango ditu:

  • Kanpoko muskulu lapranaren aponeurosiaren jarraipena: kanpoko faszia espermatikoa.
  • Muskulu zeharraren eta barruko muskulu lapranaren fusioz sortutako muskulu kremasterra. Kremaster muskuluaren zuntz muskularrek osatuko dute faszia kremasterikoa.
  • Faszia transversaletik sortutako barruko faszia espermatikoa.

Emakumezkoak

Emakumezkoen kasuan, iztai hoditik bi lotailu pasatzen dira:

  • Lotailu euslea: Obulutegiak aurreko pareta abdominalera lotuta mantentzen ditu.
  • Lotailu borobila: Lotailu sinple bat denez, oso estua da eta ezpain nagusietan bukatuko da.

Egitura

Mugak

Iztai hodia hainbat egiturek mugatutako pasabidea da; honen hasiera eta amaiera bi eraztun edo irekidurak zehazten dute: sakoneko iztai eraztunak (zulo sakona) eta azaleko iztai eraztunak (azaleko zuloa). Bi eraztunak ez dira maila berean aurkitzen: Sakonekoa, goi-atzealdean aurkitzen da, eta azalekoa, berriz, behe-aurrealdean. Horrez gain, aurrealdetik, atzealdetik eta bi alboetatik lau hormek mugatzen dute.

Eraztunak

Sakoneko iztai eraztuna

Sakoneko eraztunaren ikuspegia

Iztai hodiaren egiturarik sakonena da, pasabidearen hasiera izanik. Goitik elkar muskuluak (zeharkako muskuluak eta barneko muskulu lapranak osatzen dutena), eta behetik iztai lotailuak mugatzen dute. Alboetatik, berriz, kanpoko muskulu lapranaren aponeurosiak (aurretik) eta faszia transversalis-ek (atzetik) zehazten dute. Horrez gain, atzealdean Hasselbach-en lotailua eta elkar tendoia daude, biak faszia transversalis-en gogortasunak direlarik. Sakoneko zuloan ahulgune bat dago: Hasselbach-en triangelua edo hernia zuzenak ateratzen diren ahulgunea. Triangelu hau mugatzen duten egiturak honakoak dira:

  • Goitik: Beheko odol-hodi epigastrikoak.
  • Erdialdetik: Aurreko muskulu zuzena.
  • Behetik: Iztai lotailua.

Azaleko iztai eraztuna

Kanpoko lapranaren aponeurosiaren irekigunea da, hiruki itxura duena. Hainbat muga ditu: kanpotik, kanpoko zutabea, eta barrutik, barruko zutabea. Azpitik, Iztai-lotailua dago eta bertatik ateratzen den iztai-lotailu atzerakariak edo Colles-en lotailuak eraztunaren atzeko zutabea osatzen du. Horrez gain, zuloa ez apurtzeko, ez eta urratzeko ere, zutabe biak (kanpoko eta barnekoa) zutabeen arteko zuntzen bidez lotuta ageri dira: zuntz arkutuak.

Hobiak

Iztai hodiak bi hobi ditu, eta horiek herniekin erlazioa dute:

  • Hobi mediala.
  • Hobi laterala (hernia zuzenak hemen agertzen dira).

Lotailuak

Iztai hodiaren lotailu garrantzitsuenak hiru dira:

  • Lakunarra edo Gimbert-ena: Iztai lotailua eta lotailu pektineoa lotzen ditu. Pubiseko tuberkuluan ezartzen da.
  • Pektineoa edo Cooper-ena: Lakunarraren luzapena da eta iztai lotailuaren azpian bi zulo eragiten ditu: zulo muskularra (Psoas muskuluarena) eta zulo baskularra (odol-hodi femoralena).
  • Colles-en lotailua: Iztai lotailua babesten du.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q912422
  • Commonscat Multimedia: Inguinal canal / Q912422

  • Identifikadoreak
  • GND: 4674358-3
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Medikuntzako identifikadoreak
  • MeSH: D007264
  • TA: A04.5.01.026
  • FMA: 19928
  • Wd Datuak: Q912422
  • Commonscat Multimedia: Inguinal canal / Q912422